Oibar eta euskara
OIBAR IZENARI BURUZ
Mikel Velasco
Nafarroako Toponimia Txikiko Proiektuaren koordinatzailea
Nafarroa, komunitate elebiduna
Nafarroan, Europako beste eskualde askotan bezala, hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten da. Kasu honetan, erromantzea eta euskara dira nafarrek aspalditik modu naturalean hitz egin dituzten bi hizkuntzak.
Egoera horrek isla izanen du Nafarroako hiribildu eta hiri nagusien izenetan, bi hizkuntz komunitateen elkarguneak, zeintzuek, kasu askotan, izendapen ezberdina izanen dute erabilitako hizkuntzaren arabera: Pamplona-Iruña, Monreal-Elo, Puente la Reina-Gares, Lumbier-Irunberri, Tudela-Tutera, Sangüesa-Zangoza…
Aurrerago ikusiko den bezala, Oibarrek ere Aibar-Oibar izendapen bikoitza du.
Zangozerriko hizkuntza-egoera
Dena den, Nafarroako berezko hizkuntzen banaketa geografikoak aldaketa nabarmenak izan ditu azken berrehun urteetan. Nafarroako hainbat dokumentuk eta toponimia txikiari buruzko azterlanek erakusten dutenez, hizkuntza-muga ia aldaezin mantendu zen, harik eta XVIII. eta XIX. mendeetan Nafarroako eremu zabaletan euskara hitz egiteari utzi zitzaion arte.
Zangozerriak oso egoera interesgarria eta askotarikoa erakusten du. Aragoi ibaiaren mendebaldean (Sada, Leatxe, Aiesa, Galipentzu), Rocaforte eta Oibar izan ezik, euskara izan zen XVIII. mendearen amaierara arte, segur aski, hitz egin zen hizkuntza nagusia. Era berean, Irunberri eta Uxue euskaldunak ziren. Ibaiaren beste aldean (Zangoza, Xabier, Kaseda eta, gainera, Liedena eta Esa), euskararen galera gure aroaren lehen milurtekoan gertatu zela pentsa liteke.
Ricardo Ciérbidek eta Menéndez Pidalek erromanizazioaren hiru fase kontsideratzen dituzte hispaniar ipar-ekialdean. Lehenengoak Ebroko korridoreari eragingo lioke, bigarrenak Aragoi Garaiari eta Nafarroako ekialdeko eremuari (Zangoza), eta, azkenik, erromanizazio berantiarraren fasea legoke, gaur egun oraindik ere dirauena. Bigarren fasea, aipatu bezala, Zangozan eragina izanen zuen, eta, aipatutako egileen arabera, gure garaiko VI. edo VII. mendeetan gertatuko zen. Oibarren oraindik mende baten bat gehiago hitz eginen zen, izan ere bere toponimiak euskal izenen bat mantentzen du. Patxi Salaberrik Oibarko euskararen galera X. mende aldera izan zela kalkulatzen du.
Beraz, ez da zaila Oibar bezalako herri bat irudikatzea, non bertako naturalek oso antzinatik erromantze hizkuntza bat (erromantze nafar-aragoiarra) hitz egiten duten, baina inguruko herrietako euskaldunen presentziak eta Pirinioetako ibarretakoak ere euskara hurbileko eta familiako hizkuntza bihurtuko luketen.
Oibarko izenak
Dokumentazio zaharra
Aibar
Aibaría (882); Agibare, Fort. Gar. De (1027); Aibar, Aibare, Aibari, Aiuar, Aiubare, Aiuruare, Aivar, Aybare, Ayuar, Ayvar (XI.-XIII. mendeak)
Oibar
Nahiz eta euskal izena, euskal hizkuntza bera bezala, gutxitan agertzen den dokumentazio ofizialean, batzuetan, toponimoen bidez, eskrituretan idatzi zen.
Oiuar (1074, 1076); Garcia Oivarco (XI. edo XII. mendeak)
Normalean, izena “bidea” hitzari lotuta dator:
Ottra viña … en Oibarbidea (Leatxen, 1763. urtean)
Otra viña… en el camino de Oibarbidea teniente al Camino que de Aibar… (Leatxe, 1723. urtea)
Otra viña… en el Camino de Oibarbidegaña teniente… al camino de Aibar (Leatxe, 1723. urtea)
Ahozko lekukotasunak
Euskal izena gaur egun arte gorde dute Zaraitzuko ibarreko euskaldunek, ingurua ongi ezagutzen baitute, urtero-urtero zaraitzuarren abelbideari jarraitzeari esker.
Zehazki, Oibarre deitzen dute Oibar, Oibárre eta Óibarre ahoskatuz.
Emandako datuei buruzko gogoetak
Euskal izena: Oibar
Euskaltzaindiak, Zaraitzuko ibarrean bildutako dokumentazioa eta ahoskerak ikusita, 1988an erabaki zuen Oibar Aibarren izen euskalduna izan zedin proposatzea.
Geroago Patxi Salaberrik, Euskaltzaindiako Onomastika Batzordeko kideak, hiribilduaren euskal izena Oibar, eta ez Aibar, izateko arrazoiak azaldu zituen. Alde batetik, uste du Oibar izan zitekeela formarik antzinakoena eta jatorrizkoena, baina ez dokumentazio zaharretik lortutako datuengatik, baizik eta beste leku batzuetako toponimian agertzen diren beste izen batzuekin alderatuta. Alde horretatik, izen bereko antzinako beste hainbat paraje aipatzen ditu, gaur egun jendez hustuak: Oibar (Valdorba), Oibar (Imotz harana), Oibar (Zubieta), Oibarzoko (Aia-Zarautz), Oibar (Gizaburuaga).
Gainera, Zaraitzuko euskaran Oibarre esan izana azpimarratzen du, eta eskualdeko euskal toponimian Oibar ere XVIII. mendean agertu izana.
Izenaren etimologia
Izena, “ibar” euskal hitzak eta identifikatu gabeko lehen elementu batek osatzen dute. Dirudienez, jatorrizko izena Oibar izan zen, nondik, beranduago, Aibar sortu zen, gertaera hau probatzen zaila den arren.
Oibarre ahoskerak amaieran –e bat erakusten du, Patxi Salaberriren arabera paragogikoa dena eta Oibarrera Oibarretik deklinabidea erabiltzetik sortua …
Ondorioa
Aibar, izen ofiziala gaur egun, hiribilduan bere izendapenerako oso antzinatik erabili izan da. Oibar, bestalde, eskualdeko euskal biztanleek eta Nafarroako beste eremu batzuetako euskaldunek leku berari erreferentzia egiteko erabili zutena izan zen.
Leireko monasterioko Erdi Aroko dokumentazioa errepasatuz, Tafallatik gertu dagoen herrixka hau Oibar de Yuso bezala ezagutua izan zela ikus dezakegu, “Beheko Oibar”, ziur aski garaiera handiagoko eta garrantzi handiagoko beste Oibar batetik bereizteko: gaur egungo Oibar.