Bizkaiako elurtegia
ELUR PUTZU BATEN ARGI-ILUNAK
David Alegria Suescun
Nafarroako Unibertsitatea. Historia Departamentua.
“En Navarra, bebimos (…) un azumbre de vino, más helado que si fuera deshecho cristal de los despeñados desperdicios de los nevados Alpes; porque vale tan barata la nieve en aquel país, que no se tiene por buen navarro el que no bebe frío y come caliente”.
Vida y hechos de Estebadillo González, hombre de buen humor, compuesto por él mesmo, E. Gonzalez, XII. kapitulua (1646)
Sarrera
XVIII. mendean zehar Oibarko herri nafarrak elurra eta izotza gordetzeko bi putzu izan zituen, ondorengo kontsumorako. Haietako lehenengoa, Cercoko putzua deiturikoa, ohiko biltegiratze putzu baten ezaugarriak (1) dauzka. Berriz, bigarrenak, Bizkaiako elurtegiak, mendi erdiko hornidura putzu eredua jarraitzen du. Bi biltegi hauek izan arren, Oibarko herriko elur hornikuntza eginkizun zaila bilakatu zen aipatutako mendean zehar; ez soilik arrazoi klimatologikoengatik (elur urritasuna), baizik eta Bizkaiako putzuaren eraiketa akastun eta kokaleku okerragatik.
Bizilagunek putzu berri bat ireki dute
Bizkaiako elurtegia Oibarko herritik 4 kilometrotara dago, lerro zuzenean, Bizkaiako zonalde komunalaren barne. Zehatz mehatz, Longasen kortatik metro gutxitara dago kokatuta, bi amildegiren arteko muino txiki batean, 830 metro inguruko altitudean. Garai batean zuloa babesten zuen etxola-aterpea desagertu egin da, eta geratzen den bakarra harresi sendo batek babestutako kofagune sakon bat da. Bere inguruetan ez da elur zamalanetarako egokitutako zonalderik ikusten.
Hainbat dokumenturen arabera Bizkaiako elurputzuaren eraiketa hiru ondoz ondoko fasetan egin zen (1723, 1724-1725 eta 1727-1728). Eskaintzen duten informazio zehatzari esker posiblea da elurtegi honen berreraiketa batera iristea.
Lehenengo fasea 1723. urtean izan zen. Urte hartako udan zehar, Oibarreko bizilagunek putzu bat ireki zuten herriko mendian, Bizkaia izendatutako leku komunal batean, bertan elurra gordetzeko, bizilagunen horniketarako eta ahal zena herritik kanpo saltzeko. Beraz, elurtegia lursail komunal batean eraiki zen Oibarreko biztanleria hornitzeko asmoz, baina baita ahal zena beste herri mugakideei edo bidaiariei saltzeko ere. Bere irekitzearen gastuak lursail komunaletik lortutako produktuei esker ordaindu ahal izan ziren.
Herriko alkateak eta errejidoreek erabaki zuten putzu horretako elur salketako irabaziak bizilagunentzako izango zirela, gariaren gordetzaileak administratuko zituelarik. Era berean adostu zuten bizilagunek ezingo zutela Oibarko Hogeiko Batzordearen onarpenik gabe putzua alokatu edo zuzenean administratu. Azkenik onartu zen putzurako enborrak eta hondarrak Oibarko Robledal Menditik aterako zirela, gertuko lurralde landaretsua. Baina une hartatik bertako biztanleen lehen kexak hasi ziren, mendian gehiegizko zuhaitz mozketa oso posiblea aurreikusiz.
1724 eta 1725 urteetan elurtegiko obrek jarraitu zuten. Une hartan herriko hargin ospetsu batek, Juan Julián Urrutiak, putzuaren gainean isuriko teilatu bat eraiki zuen. Teilatu hau bi harri-hormazko zutabek eusten zuten, harriz sendotutako ertzekin, bakoitzak 80-120 zentimetrotako lodiera hartuz. Zutabe hauen gainean bi zurezko habe zeuden, aldi berean zeharkako beste batzuengan finkatuta zeudenak. Beranduago, putzua birritan sakondu zen, isurbide bat eraiki zen eta zerrapodun ate bat ezarri zen. Hala ere, inspekzio batzuen salaketen arren, teilatu hau erori egin zen, paretak eta hodiak hondatuz eta putzua ia erabat estaliz.
Hirugarren eta azken eraiketa faseari dagokionez, oso informazio zehatza dugu. 1727. urtean bizilagunak bereziki saiatu ziren aurreko teilatuaren erorketak sorturiko kalteak konpontzen. Otsailak 5ean bi hargin maisuk zutabeen egoera ona zela onartu zuten, baina lehen aldiz putzuaren kokapena eta bere elurra barnealdean mantentzeko irazgaiztasun falta kritikatu zuten.
Hala ere, 1728. urteko otsailak 15etik aurrera hasi ziren Bizkaiako putzua berregituratzen. Garai hartan Pintano herri aragoiarreko Miguel eta Francisco Guallar hargin maisuek Oibarreko herriarekin hobekuntza integral bat hitzartu zuten Bizkaiako putzuan. Putzuan egin zituzten lanak zazpi hilabeteren zehar luzatu ziren. Hasieran putzuko barnealde osoa harri lehorrezko horma zirkular batekin estali zen, 1,26 metroko lodiera eta 6,3 metroko sakonerakoa. Hormaren 2,1 metro bakoitzeko harri ilara bertikal bat ezarri zen –dokumentazioak arkuak aipatzen ditu-. Horrela, bi “eraztunek” putzua hiru pisu berdinetan banatzen zuten. Haien helburu praktikoa zalantzan jar daiteke, ez baitzuten ageriko funtsezko eginkizun konstruktiborik. Bestalde, beranduagoko dokumentazioaren arabera ez dirudi biltegiratutako elurra zehaztasun handiagoz kalkulatzeko “erreferentzia” zirenik. Operazio hau berriz ere goiko partean isuriko teilatu bat ezartzeko baliotu zuten. Bere altuera putzuaren pisuen bera zen -2,1m-, eta paretak kare eta harez egin zituzten. Horrez gain hobi berri bat ireki zen, angelu zuzenean eta ekialdera begira, desegindako elurraren hustea errazteko. Azkenik, elurra era errazagoan sartzeko pentsatutako ate berri bat eraiki zen. Datu hauen arabera, putzuaren altuera osoa 8,4 metrokoa zen –hauetatik 6,3 lurpean-, 6,3 metrotako diametrodun zulo batekin, hondoan zertxobait txikiagoa bazen ere. Neurri hauekin, Bizkaiako putzuak 196 metro kubiko inguru elur gorde zitzakeen, gutxi gora behera. Nabarmentzekoa da eraiki zuten garaian oso putzu handi eta zabaltzat hartu izan zela.
Bizilagunen horniketarentzat eta ahal zena kanpoan saltzeko
Bizkaiako elurtegia berehala erabiltzen hasi ziren, 1723-1724ko neguan bertan. Zalantzarik gabe, garai hartan oso beharrezkoa zen herriaren elur hornidura, dirudienez ez baitzen nahikoa Cercoko putzutik lortutakoarekin. Hain zen nabarmena gabezia, ezen hainbatetan elurra kanpoko merkatuetan erosi behar izan baitzuten, adibidez Irunberrikoan, 1708an, ondorengo gainkarga ekonomikoarekin batera. Beharbada ere Cercoko putzuko irazkin falta zela eta, herriko horniketa arduradunak ezin izan zuen bere betebeharra bete 1722ean, Bizkaiako putzuko eraiketaren aurreko urtean. Zigor gogor baten mehatsupean, udaleko autoritateek elur banaketaren inguruan estutzen zuten, hain beharrezkoa baitzen ongizate orokorrerako elur edo izotz horren hornidura. Horrela, Oibarreko bizilagunek elurtegi berri bat eraikitzea erabaki zuten, horniketa era zuzen eta merkeago batean ziurtatzeko.
Hasiera batean elurtegiak ez zuen arazorik eman, eta soberako elurra Eslaba, Kaseda, Galipentzu, Santakara eta eskatzen zuen edozeini saltzera iritsi ziren. Baina, funtzionatzen hasi eta urte eta erdi batera, Simón de Solak (uneko alokariak), putzuan gordetako elur asko galdu zuela baieztatu zuen. Herriak izendatutako perito batzuek hondamendia onartu zuten. Haien arabera, elurra desegiten zihoan eta ura putzuaren hondoan biltzen zen. Hala ere egoerari berriro ekin zitzaion eta 1724ko zerga-kontuetan defizit txiki bat ikusi zen elurraren arloan.
1725 urtean bi gertaera nahiko garrantzitsu izan ziren. Hasteko, Cercoko alokairua Bizkaiakoarekin bateratu zen, XVIII. mendeko ohiko konponbidea. Baina aldi berean elurra putzuaren barnean mantentzeko lehen zailtasun serioak sortu ziren, eta errentariak herritik ospa egin zuen, egoera deserosoa bere oinordekoen esku utzita. Berriz ere kanpotik ekarritako elurra erabili behar izan zen, oraingoan Billabetatik, Agoitzetik gertuko herri bat, 20 km baino gehiagotara dagoena. Oibarreko alkateordeak putzuaren kontserbazio txarraren gaineko salaketa egin zuen arren (bere irauterako konpontzea eta hobetzea beharrezkoa zela esaten baitzuen), teilatua 1727. urtean definitiboki hondoratu zen, aurretik aipatu dugun bezala.
Elurra bizkortasun osoz kontsumitzen zen
1727 eta 1728 urteetako berreraiketaren ondoren, elurtegia berriz ere erabiltzeko prest zegoen. Horrela, 1728ko azaroak 6ean, Bernardo Laboreria y Zalba bizilagun eta eskribau errealak, putzuaren alokairua hartu zuen zortzi urte luzez, San Miguelen egunean ordaintzekoak.
Kontratuko klausuletako batek herriak putzu konposatua ematen ziola zehazten zuen, egoera ezinhobean, bere harrizko hormek putzu guztia inguratzen zutelarik, eta ederki estalia; putzuaren zoruan eskaladorea eta isurialdea, urak erosotasunez egotzi zitezen eta zoruan ura bildu ezin zedin. Era berean, elurrik ez egotekotan alokatzaileak urte horretan errenta ordaindu beharrik ez zuela hitzartzen zen. Eskaintzen zitzaizkion beste erraztasun batzuk hauexek ziren: elurra inguruko ereintzetatik askatasun osoz hartzeko aukera eta herriaren edozein ustekabeko istripuk elurtegian sor zitzakeen kalteak ordaintzeko konpromezua. Ulertzekoa, hain denbora luzeko alokairu bat bermatu behar zen eta. Bere aldetik, Bernardo Laboreriak putzua betetzeak zekartzan gastuak ordainduko zituen, Oibarko auzokideei lehentasuna ematen zien elurraren salmentan eta bere nahiz alokairuaren fidatzailearen, Diego de Radaren pertsona eta ondasunak kontratuaren menpean jartzen zituen. Hala ere, jarraian ikusiko dugunez, Bernardo Laboreriak ez zuen bere lana bete eta herriaren kexak zirela eta, auziak epaitegietan amaitu zuen.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Auzitegi sailean 1735. urtean Oibarreko bizilagunek Bernardo Laboreriaren aurka egindako prozesu judiziala kontserbatu izan da. Laboreriaren deklarazioaren arabera, berak ahal bezain beste elur bildu zuen putzuan bi urtez, kontu eta arreta handiz. Baina, haren bila joatean, zati handi bat desagertu zela antzeman zuen, eta ondorioz hurrengo bi urteetan putzua betetzeari utzi zion, alferrikako gastuak saihesteko. Horrez gain, beste bi deklaratzailerekin batera, putzuan elur asko gordetzea ezinezkoa zela baieztatu zuen, eta aurreko urteetan sinatu zuen alokairu kontratua berraztertzea eskatu zuen. Zehazki, Bernardo Laboreriak zioen elurtegiak hainbat “lurralde eraiketa akats” zituela. Adibidez, eremu garai batean zegoen eta hegoaldera begira. Han eguzkiak ateratzen zenetik ezkutatzen zen arte berotzen zuen, eta haize guztiek (ziertzoa izan ezik) astintzen zuten. Eguzkiaren beroaren indarrak eta haize epelek bertan biltegiratzen zen elurra desegiten zuten. Bestalde, putzuaren ahoa oso zabala zen eta ez zegoen uraren irteerarako hobi nahikorik. Prozesua ikusi eta biltegiratze lanetan parte hartu zuten lekuko gehienak bat zetozen Bernardo Laboreriaren deklarazioarekin. Bi maisu harginen arabera elurtegiaren eraiketa zuzena zen, baina kokapen egokiagoa beharrezkoa zen, zonaldeko gainontzeko putzuen antzerakoa. Hargin hauen iritziz, putzua iraunkorra izan eta elurra mantendu zedin, leku ilun batean egon behar zen, eguzkitik eta haize epeletatik babestuta.
Bestalde, fiskalaren arabera, Bernardo Laboreriak eta Oibarreko bizilagun guztiek aldez aldetik ezagutzen zuten putzuaren egoera. Esaten jarraitu zuen putzuaren hormak egoera paregabean zeudela eta, bere aburuz, elurtegia herriko eraikin onetako bat zela. Elurra desagertu bazen, salatzen zuen, bere arduradunaren axolagabekeriaren ondorioz zen, izandako arreta faltarengatik eta atea irekita uzteagatik. Are gehiago, elurra izan zuen urteetan, Bernardo Laboreriak herritik kanpo zati bat saldu zuen. Auzia konpontzeke geratu zen –Bernardo Laboreria data haietan hil baitzen-, baina bere oinordekoak eta Diego de Radarenak (alokairuaren fidatzailea) herriarekin akordio batera iristera derrigortuak izan ziren, ordaintzeke zeuden gastuak betetzeko. 1756-1757 arte ez zen zorra guztiz konpondu.
Ez da elurputzurako eskaintzailerik aurkitzen
1746tik aurrera, Bizkaiako elurtegia bere alokairuaren esleipenaren fasean sartu zen, bere ustiapenerako interesatutako erabateko pertsona faltarekin. Kasu batzuetan herriak berak zuzenean administratu behar izan zuen biltegia. Era berean bere alokairu kontratuen iraupenaren pixkanakako jaitsiera eman zen. 1781-1784. urteen tartean, Bernardo Laboreriaren zortzi urtetako kontratutik, bost eta erdi hilabetekoetara igaro zen, alokatzaileak Cercoko putzua egoera onetan izan zedin adostu zen, baita Bizkaiakoa libre ere, elurra bere hautamenean jar zezan. Zalantzarik gabe Bizkaiako elurtegiaren erabileraren jaitsiera handi bat egon zen, ziurrenik elur gabeko urteak eta Oibarren ireki berritako iturria zela eta (2). Izan ere, lehen biztanleek ur hotza ez zutelako erabiltzen zuten putzuko elurra.
Bizkaiako elurtegiari egindako azken zuzeneko aipamena 1798ko otsailak 21eko data du. Garai hartan, Francisco Domeñok Cercoko putzuaren alokairua zuen, baina herriak Bizkaiako elurtegiaren erabilera ere uzten zion. Hortik aurrera kontserbatu diren dokumentatutako berriek beti singularrean hitz egiten dute soilik elurtegiari buruz, herriko elur putzuari buruz edo zuzenean elurra edo elurraren alokairuari buruz. Dirudienez Cercoko putzuari buruzko erreferentziak dira eta ez Bizkaiakoari, ziurrenik ezbeharrean erori baitzen. Lehenik eta behin, Cercoko putzuko ibilbidea, Bizkaiakoa baino askoz ere seguru, fidagarri eta errentagarriagoa zelako. Bigarrenik, Bizkaiako putzua eraiki baino lehen “herriko elurtegi” bezala ezagutzen zutelako Cercokoa. Honek ere azalduko luke bi putzuen aldi bereko existentziaren bitartean Oibarren (1723-1798), beharrezkoa izatea bata eta bestea bereiztu ahal izateko izen espezifikoagoak ematea. Horrela, bakoitzaren izena zegoen toponimora egokitu zen; alde batetik Cercokoa (herrikoa ere) eta bestetik Bizkaiakoa (batzuetan mendikoa ere deitutakoa). Azkenik, ezin daiteke bi putzuen alokairu amankomun bat zela uste (ohitura arrunta azken urteetan), izan ere, Cercoko putzuan elurra falta zen bakoitzean herritik kanpo erosten baitzen, Bizkaiakoa inoiz aipatu gabe. Azkenean, 1802. urtean herriak Cercoko biltegia Oibarreko Hospital Santuari laga zion.
Ondorioak
Bizkaiako elurtegiak presaka eraikitako putzu bat dirudi. Funtzionatzen hasi eta berehala egin behar izan ziren etengabeko konponketak ikusi baino ez dira. Barnealdean elurra mantentzeko izan ziren zailtasunak ikusita, ez dirudi bere kokapena sobera ondo pentsatu zenik. Eguzkiaren beroa egun osoan zehar atetik sartzen zen, eta haize epelek elurtegia berotzen zuten, bizilagunek biziki kritikatu zuten bezala. Horrela, ezinezkoa zen elurra bere barnealdean mantentzea.
Bestalde, Oibarreko bizilagunek Bizkaiako putzua irekitzea erabaki zuten Cercokoa ez zelako nahikoa herriko horniketarentzat. Horrez gain, Bizkaiako putzuaren eraiketaren aurreko urteetako aurkitutako zailtasunak ez dira ahaztu behar. Ekoizpena hobetzeko eta soberakinak saltzeko bizilagunen iniziatiba ere nabarmentzekoa da.
Hasiera batean elurtegiak bikaintasunez funtzionatzen zuela zirudien, eta elur soberakinen bat gertuko beste herriei saldu zitzaien. Baina handik gutxira elurraren mantentzearen lehen arazoak agertu ziren, eta gorenera iritsi ziren 1735ean, Bernardo Laboreria y Zalba alokatzailearekin. Hurrengo urteetan elurtegiaren jaitsiera progresibo bat gertatu zen. Herria enkantean jartzen saiatzen zen arren, askotan ez zuen inork alokatu nahi; Cercoko putzuarekin gertatzen zen guztiz aurkakoa. Gainera, XVIII. mendeko bigarren erdialdean zehar (3) Bizkaiako putzuan gordetako produktua soilik Cercokoaren osagarria zen. Pentsatzekoa da Bizkaiako putzua progresiboki alboratuz joan zela, XVIII. mendeko bukaeran erabateko abandonuan erori zen arte. 1798tik aurrera dokumentatutako erreferentziak “misteriotsuki” amaitu ziren, baina ez dirudi partikular edo entitateren batek putzua bereganatu zuenik. Putzuaren ibilbide historikoak, zorrez, konponketaz eta alokairu hutsez beteta, ez zuen inoren interesik pizten. Bestalde, Cercoko elurputzuko elurra bukatzen zenean kanpoan erosten zen, Bizkaiako elurtegia alde batera utzi zela pentsaraziz. Horregatik ondorioztatu daiteke Oibarren elurtegi honen ustiaketa 1723tik (eraiketa data), 1798ra luzatu zela (dokumentazio zaharrean agertzen den azken aldia). Bere ibilbide historikoa, beraz, 75 urte eskasekoa da.
(1) Cercoko elurtegia 1664-1665 urtetik aurrera agertzen da dokumentazioan, bere eraiketa ziurrenik askoz ere goiztiarragoa izan bazen ere; beharbada Erdi Aroan izan dezake jatorria. Putzu honen ibilbide historikoa 1819 arte jarraitu izan da, eta dirudienez urte hartan desagertzen da erregistroetatik. Bere kokapen zehatzari buruzko zalantza asko daude, baina ziurrenik bizilagunek La Corte deitzen duten “hutsunean” egongo zen, Ospitale Santu zaharretik, herriko paduratik eta Cercotik gertu, Rocaforterako norabidean.
(2) 1799 inguruan Oibarreko herriak edateko urdun iturri bat enkargatu zuen.
(3) Juan Labeaga Mendiolaren arabera, XX. mendeko 20eko hamarkadan Zangozako elurtegi zaharrak abandonatu ziren, pixkanaka izotz artifizialeko lantegiek ordezkatuta. Bestalde Rafael García Serranok dio Zangozako elurtegia 1915ean abandonatu zela eta Kasedakoa 1928ean