Oibarko historia
Oibar hiribilduaren antzinatasuna eztabaidaezina da, ez dakigu ziurtasunez bere jatorria. Herriari buruzko lehenbiziko aipamena Roda Kodexan aurkitzen da, 882koa, eta honakoa dio: “fractus est castro Aybaria a Mohamed Ben Lup et Mael”, literalki latinez aipatuz aurrekoek Oibarko gaztelua suntsitu zutela.
Ximena dinastiako Antso III.a Nagusiaren erregealdiarekin, Oibarrek, jada, toki garrantzitsu bat zuen gortean, bere tenienteek, Oibarko kondeek, Nafarroako erresumako aberatsen hirugarren baroigoa osatzen baitzuten. Familia honetakoa izan zen Oibarko Sancha, Antso III.a Nagusiarekin Ramiro izeneko seme bat izan zuena, eta oraindik existitzen ez zen Aragoiko erresumako lehen erregea izanen zena.
Oibar, historiaren arabera, Iruñeko erresuma primitiboko mugako herrietako bat izan zen, hegoaldetik presio egiten zuten musulmanekin etengabeko borrokan ari zena, lehen defentsa lerroa osatuz inguruko herriekin batera, hala nola Rocaforte, Peña, Galipentzu, Uxue …
Urte batzuk beranduago, Evreuxeko dinastiako Nafarroako bi errege garrantzitsuk, Carlos II. “Gaiztoa” eta Carlos III. “Noblea”, Oibarko biztanle guztiei eta bizitzera zihoazenei zenbait pribilegio eman zizkieten, kaparetasun-eskubidea eta beste batzuk kasu, karga askotatik salbuesten zituztenak eta oibartarrei eskubidea ematen zietenak alkateak aukeratzeko, pattarrak eta beste produktu batzuk esportatzeko … Errege horiek oibartarrek erresuma defendatzeko orduan bizi izan zituzten gabeziak eta erakutsi zuten noblezia aitortu zituzten, Oibar Hiribildu On, Noble, Leial eta Beti Fidela izendatuz. Latinez armarrian dioen bezala “NOBILIS AT QUE FIDELISIMA SEMPER VILLA”.
Toponimoaren Erdi Aroko beste erreferentzia batzuk, antzeko formekin agertzen dira: Agibare, Albar, Aibare, Aibari, Aivar, Aivare, Aiubare, Aiuruare, Aivar, Aybare, Aybar, Ayuar edo Ayvar. Toponimoaren esanahi etimologikoa ibar euskarazko hitzak osatzen duela dirudi, baina hitz horren aurreko terminoa ezezaguna da.
Ibarraren euskarazko izena Oibar da. 1074ko eta 1076ko dokumentuetan dagoeneko “Oiuarr” antzeko forma jasotzen da. Herrian eta inguruan euskarazko toponimo ugari egoteak erakusten du Oibarren hizkuntza hori hitz egin zela mende askotan. 1763ko dokumentu batean Oibarbidea aipatzen da (Oibarko bidea esan nahi duena), toponimo honen lehen aipamen zehatza kontsideratzen delarik. Izena udalerrian bertan galdu zen bertako biztanleek euskaraz hitz egiteari utzi ziotenean, baina gaur egun arte gorde da Zaraitzuko ibarrean. 2001ean udalak, legez Nafarroako eremu ez-euskaldunean zegoen arren, Aibar/Oibar izen ofizial elebiduna hartu zuen.