Armarria
Gorri heraldikoa dakar, eta hiru dorreko urrezko gaztelu bat, erdikoa alboetakoa baino garaiagoa eta hiru almenaduna. Gazteluaren azpian bi urrezko giltza, gurutzatuta. Baliteke armarri honen jatorria XIII. mendetik aurrera herriak erabiltzen zuen argizarizko zigiluan egotea. Bertan irudikatuta hiru dorreko arkupe bat zegoen, eta behean, San Pedro patroiaren irudia, giltza bat sostengatzen. Beranduagoko mendeetako lege heraldikoak jarraituz, arkupea eta dorreak gaztelu bezala irudikatu ziren eta santuaren irudia giltzekin sinbolizatu zen.